XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Galera handiak burtsetan Wall Street-en eraginez

New Yorkeko merkatuaren susperraldiak larrialdia arindu arren, %2ko galerak izan dira

EUROPAKO burtsek larrialdi handia bizi izan zuten atzo, herenegun New Yorkeko merkatuaren %3,5eko beherakadak eraginda (historiako hirugarren beherakadarik handiena).

Salmenta aginduak nagusi izan ziren ekitaldiaren hasieratik, eta Wall Street atzo zabaldu zenean, Europako burtsetan areagotu egin ziren galerak.

Joera hori bat-batean aldatu zen New Yorken ordea, eta horri eskerrak, Europako finantza merkatuek galerak zertxobait itxuratu ahal izan zituzten ekitaldiaren amaieran.

Hala ere, irregulartasun horren barruan, Europako merkatu nagusiek adierazle garrantzitsuenen %2 inguru galdu zuten.

Galerarik handienak Frankfurten izan ziren, Alemaniako burtsa %2,15 jaitsi baitzen, Londresko merkatuak 103,6 puntu galdu zituen (%1,81), Pariskoak 71 (%1,77) eta Madrilgoak 16,76 (%1,83).

Bilboko burtsaren jaitsiera ia 27 puntukoa izan zen (%1,90), eta indize orokorra 1.392,89ko mailan kokatu da.

Espainiako Estatuko burtsetan gehien kontratatzen diren baloreen adierazleak, Ibex-35ek, 206 puntu galdu zituen (%1,96) eta 10.289,30ko mailan amaitu zen.

Jaitsiera nagusiak Telefonicak, BBV banketxeak eta Endesa elektrika konpainiak jasan zituzten (%2,71, %2,40 eta %1,98 hurrenez hurren).

Japoniarekiko mesfidantza. Merkatuen gora-behera hauek Asiako finantza krisiari egotzi dizkiote adituek, zehazkiago Japoniako krisiari.

Krisi horrek kalte handia egiten die EEBBetako enpresei, alde batetik dolarrak yenaren aldean balioa irabazten duelako, esportazioak kaltetuz, eta beste aldetik, enpresak Asiako merkatuetako salmentak gutxitzen ari direlako.

Horregatik dauka horrenbesteko eragina Asiako krisiak New Yorkeko burtsan.

Bestalde, EEBBetan ez dute konfiantza handirik Tokyoko gobernuak krisi horretatik irteteko indarrean jarritako saneamendu neurrietan, eta mesfidantza hori burtsetan islatzen da.

Atzoko ekitaldiaren erdian Wall Street irabazi apalak lortzen ari zen arren, aztertzaileek Japoniarekiko mesfidantza hori antzematen dute oraindik, eta igoeraren arrazoia balore nagusien prezio merkea dela uste dute. Hain zuzen ere, inbertsoreak herenegungo beherakadaz baliatu dira merke erosteko.

Testuinguru horretan, adituak ez dira ados jarri merkatuek aurrerantzean izango duen bilakaerari buruz: batzuentzat zuzenketa fase horrek datozen egunetan iraungo du; beste batzuk, berriz, jaisteko joera amaitu eta burtsak gora hasiko direla iragarri dute.